XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

d) Orain arte funtzionarioak Estatuaren menpe egon dira, eta Estatuaren sail gisa jarraitu arren, aurtengo apirilean transferentzia onartu da: orain kudeaketa etabar Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailaren esku dago.

Halere, ezin da ahaztu aurten otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren bidez, Ofizial, Laguntzaile eta Agenteen Sailen Arautegia onartu dela, eta gaztelera jakitea derrigorrezkoa den arren, ez da ezinbestekoa erkidegoetako hizkuntza jakitea.

Oposaketak erkidegoetan antolatuz gero, euskara (edo galegoa, edo katalana) jakitea balora daiteke (20. artikulua - 54. art. Bigarren Arau Gehigarrian agertzen diren baldintzetan), eta behin Estatuaren Sail horren barruan egonez gero, lekualdaketarako lehiaketetan ere kontuan har daiteke, baina, kontuz, euskara (edo galegoa, edo katalana) ez jakitea ezin da inoiz norbait kanpoan uzteko arrazoibide izan.

Beste aukera batzuk ere kontuan hartu beharrekoak dira: funtzionario hauen betebeharrak oso zehaztuta daude, eta nik, epaile moduan, euskaraz dakien norbait jendaurrera eraman nahi badut, ezinezkoa gertatzen zait, horretarako denekin hitz egin ondoren oso baldintza zehatzak gertatzen ez badira.

Jaurlaritzak ere mugak ditu lan banaketa horretan, baina hala ere zirrikituren bat bada (erregelamendu horretako 50. artikuluak eta jarraian datozenen edukinak uzten dituztenak...).

Dena den, aldaketa batzuk aurrera eramateko, funtzionarioekin eta horien ordezkariekin mintzatu beharko du, eta alor honetan aditu ditudanak gogor samarrak direlakoan nago, funtzionarioek pertsona bezala eskatzen dituzten eskubideak hiritarrenen aurretik jartzen baitituzte gehienetan.

Dena den, Justizia Sailak ezer baino lehen hau jakin beharko du: dagoeneko barruan daudenen artetik zenbat diren euskaldunak.

Mila arrazoi direla medio (ez da inongo sekretua Euskal Herrian orokorrean eta orain arte jendea ez zela funtzioario sartzen), euskaldun kopurua oso murritza da.

Tolosan, adibidez, ni nagoen epaitegian hiru epaileetatik ni bakarrik naiz euskalduna, eta nirekin lanean ditudan 11 funtzionarioetatik, batek bakarrik daki euskaraz. Hori Tolosan.

e) Mediku Forentseen betebeharrak, jendearekiko harremana, etabar aski ezagunak dira, eta Ofizial, Laguntzaile eta Agenteen Arautegia argitaratu den egun berean (1996-II-1) ezagutzera eman zen Forentseen Arautegian ere hizkuntzaren ezagutzarekiko antzerako baldintzak eta ondorioak zetozen.

f) Ministerio Fiskalaren eginkizunak eta betebeharrak Konstituzioaren 124. artikuluan jasota daude eta 50/1981 Legeak zehazten ditu.

Ezkutuan bezala gorde arren, bere paperak eragin handia dauka: Kode Zibilaren hainbat artikuluk eta Prozedura Zibileko Legeak eginbide anitzetan parte hartzera deitzen du (adin txikikoen kasuetan, elbarri deklaratu diren pertsonen kasuan, familia arazoetan... etabar).

Bestetik, Zigor Arloan, salatari moduan duten papera aski ezaguna da, eta ezin ukatuzkoa da hiritarren defentsan eduki beharko lukeen betebeharra, salatzaileari nahiz salatuari ulertzeko modua zuzenean eduki beharko lukeelako bitartekorik (itzultzailerik) gabe (gogoratu, arlo honetan ematen dela ahozko ekitaldi gehien, idatzizko bitartekorik gabe, eta Konstituzioaren 120. art. eta Aginte Judizialeko Lege Organikoaren 229.1 artikuluak Fiskalari eginbide hauetan parte hartu beharra ezartzen diote:...